Australiako ekonomia

Sydney australiar finantzen zentroa da.

Australiako ekonomia munduko handienetan 19.a izan zen 2017an.[1] Per capita errenta, berriz, 50.400 dolarrekoa izan zen urte horretan,[2] Mendebaldeko Europako ekonomia nagusien mailakoa.

Baliabide natural aberatsak ditu Australiak; nekazaritza gaiak, mineralak, metalak, eta erregai fosilak esportatzen ditu batez ere. Lehengaiek esportazioen %57 hartzen dute, horregatik merkatuetako prezioen gorabeheren mende dago bertako ekonomia, maila handi batean behintzat. Nekazaritza eta meatzaritza dira Australiako ekonomiaren oinarria; garia, haragia, esnekiak eta artilea esportatzen ditu. Munduko artilearen %25 Australian lortzen da. Industriak gorakada handia izan du, baina, hala ere, ez da nahikoa herrialdeko bertako beharrak asetzeko. Zerbitzuen sektorea garrantzi handikoa da: 2017an barne produktu gordinaren %71tik gora hartu zuen sektore horrek. Urte horretan langabezia %5,6koa izan zen.[2]

Nekazaritza ez bada ere gaur egun garai batean bezain garrantzitsua, barne produktu gordinari eta enpleguari dagokionez (2017an langileen %3,6 hartzen zuen), herrialdearen parte handi baten aberastasuna abeltzaintzaren eta nekazaritzaren mendekoa da. Abeltzaintzari dagokionez, larreek lurraldearen %90 hartzen dute. Australia munduko artile ekoizle eta esportatzaile handiena da.

Australiako mea aberastasunak handiak dira guztiz ere: beruna, zinka, burdina, kobrea, tungstenoa, uranioa, ikatza, lignitoa, urrea eta bauxita ditu. Petrolio ekoizpenak bertako beharren 2/3 asetzen ditu (oraindik ez dira mendebaldeko Australian aurkituriko petrolio hobi handiak ekoizten hasi). Munduko urre produkzioaren %12 Australian ustiatzen da. Biztanleriaren hazkunde lasterrak, bizi mailaren hobekuntzak eta atzerriko inbertsio ugariek, bideratu eta azkartu dute industrializazioa. 1970. urteaz geroztik, turismoak hazkunde handia izan du, Japoniako merkatuaren hazkundeak eraginda batetik, eta, bestetik, distantzia handiko hegaldien merketzeagatik. 2014-15ean langileen %5ak turismoaren arloan lan egin zuen.[3]

  1. List of Countries by GDP (nominal). statisticstimes.com (Noiz kontsultatua: 2019-1-5).
  2. a b Australia. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  3. Tourism Satellite Account 2014–15:Key Figures. Australian Bureau of Statistics, abs.gov.au (Noiz kontsultatua: 2019-1-5).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search